CASTELLANO

“Ingurumen-hezkuntza prozesu iraunkorra da, eta, bertan, gizabanakoek eta erkidegoek euren ingurumenaren gaineko kontzientzia hartzen dute, jakintzak, balioak, trebetasunak zein esperientzia ikasten dituzte eta, horrez gain, erabakigarritasuna ere hartzen dute euren gain, banan-banan nahiz taldean gaur eguneko eta etorkizuneko ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko». 1987an, horrelaxe adostu zen ingurumen-hezkuntzari buruzko azalpena hedatuena, Ingurumenari buruzko Prestakuntza eta Hezkuntzaren Nazioarteko Biltzarrean.
Ingurumen-hezkuntza berezko helburua da, baita guztiontzako etorkizun hobea lortzen laguntzen duen tresna eraginkorra ere. Egun hau egitean eta zabaltzean, honako hauxe erdiestea da xedea:

  • Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren garrantziaren inguruan kontzientziatzea, gaur eguneko ingurumen-arazoak konpontzeko.
  • Ingurumena zaintzen eta babesten laguntzea eta, horretarako, baliabide naturalen zentzuzko erabilerari begira dauden balioak zein jokabideak garatzea.
  • Gizakien eta euren ingurunearen arteko lotunearen garrantziaren eta hazkuntza harmonikoan duten erantzukizunaren inguruan sentsibilizatzea.
  • Ingurunearekiko jokabide onak ikastea, natura bera ez delako baliabideen iturri agortezina, geure biziraupena bermatzeko errespetatu behar dugun ekosistema ahula baino.
  • Gobernuen politiketako aldaketak bultzatzea, gero eta narriatuago dagoen ingurumena eraginkortasun handiagoz zaintzeko.
  • Ingurumen-arazo globalak zein tokian tokikoak konpontzeko orduan, ingurumen-hezkuntza guztion partaidetza behar duen prozesu dinamikoa dela ulertzea, etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatea bermatuko duela kontuan hartuta.

Umeentzako ingurumen-hezkuntza funtsezkoa da, eta ekintza txikietatik hasi behar da (ikastetxeetan egindako jarduerak, tailerrak eta hitzaldiak…), apurka-apurka ingurumena errespetatzeko eta ingurumenarekin konpromisoa hartzeko ohitura barruratu dezaten. Izan ere, planeta bakarra daukagu.

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra

(Visited 438 times, 1 visits today)