CASTELLANO

Udazkena fruitu lehorren sasoi nagusia da, eta, inolako zalantzarik gabe, hurrak dira ospetsuenetakoak. Txikiak bezain biribilak dira, euren oskola kanela-kolorekoa da eta haragi zuri-horixka daukate. Zenbait barietate dauden arren, basa-hurra da arruntena. Dieta mediterraneoko osagaia dira, eta mundu zabalean dira ezagunak bezain preziatuak.

Hurrak abuztutik irailera heltzen dira, eta euren eskari handiena abenduan da. Espainian, XIX. mendearen erdialdean hedatu zen euren ereintza, filoxeraren krisiaren ondorioz mahastiak erauzi zirenean (mahatsondoaren bizkarroia). Reus da (Tarragona) fruitu lehor hauen ereintza-eremu tradizionalena, eta jatorri-deitura ere badaukate. Beste barietate bat andaluziarra da, eta txikia bezain trinkoa da.

“Euren kaloria-ekarpena oso ona da nekeari eta akidurari aurre egiteko.”

Behar bezala kontserbatzeko, oso egokia da leku hezeetan barik leku fresko zein lehorretan gordetzea. Hobeto gordetzen dira oskolarekin. Zurituz gero, 4-5 hilabetez gorde ahal izango dira hozkailuan.

Oso elikagarriak dira, eta, 100 g-ko 670 Kcal dituztenez, energia handia emango digute. Egunean 30 gramo jatea gomendatzen da. Euren kaloria-ekarpena oso ona da nekeari eta akidurari aurre egiteko. Hori dela eta, oso onak dira ahalegin fisikoa egiten denean; kirolarien dietan, esaterako.

Ur gutxi dutenez, gantz asegabe ugari dute, baita karbohidratoak, proteinak eta zuntza ere. Horrez gain, E zein B bitaminak dituzte, baita zenbait mineral ere: magnesioa, kaltzioa, potasioa, fosforoa, burdina eta zinka. Euren landare-proteinak zeregin handia garatzen du bihotz-hodietako sistemaren funtzionamendu egokian.

Zapore gozoa dute, koipetsuak dira eta gastronomiaren zein elikaduraren arloko ezaugarri ezin hobeak dituzte eguneko edozein ordutan jateko.

Hainbat eta hainbat plateretako funtsezko osagaia direnez, plater bakunenetan nahiz prestatuenetan erabiltzen dira. Gordinik, xigortuta, frijituta edo gazi jaten dira. Oso-oso erabiliak dira sukaldaritzan, hau da, zizka-mizketan, entsaladetan, saltsetan, betegarrietan eta, batez ere, postreetan: txokolateak, turroiak, tartak, izozkiak eta pattarrak.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2015. Lege-Oharra