CASTELLANO

 

Urrian, Gernikako indaben sasoia hasten da, eta tradizio zein ospe handiko lekadunak dira Bizkaian. Euskadin Euskal Babarrunak ikurra duten hiru barietateetakoa da.

“Gernikako” barietate hau artisauen erara landatzen da Bizkaiko Mungialdean, Busturialdean eta Lea Artibain.

Hezetasun eta tenperatura leuneko lur horietan mikroklima dagoenez, indaba berezi-bereziak dira. Maiatzean erein eta urrian hasten dira biltzen. Euren kolore bereizgarria gorriluna da, arrosa-koloreko nabardurak dauzkate, obalatu bezain luzangak dira eta zapore suabea dute. Udazkeneko hilabeteetan, tokian tokiko azoketako protagonistak dira, Gernikako Azken Astelehenean, esaterako.

Azken urteotan, lekale horren bidez landatutako azalera apurka-apurka txikitu ondoren, gaur egun nahikoa berreskuratu dela esan beharra dago. Hartara, 2006. urteaz geroztik, Gernikako Indaba Elkartea eta bertako kideak ahalegin handia egiten ari dira erakundeekin batera, landatutako azalera eta ekoizleen kopurua gehitzeko.

Gastronomia

Indabak baserrietako baratzeetan landatzen dira orain dela 300 urtetatik, eta beste laborantza batzuekin daude lotuta; esate baterako, artoa. Tolosako indabekin antzekotasunak badituzte ere, azken horien kolorea ez da hain iluna, azal gogorragoa daukate eta haien salda ez da hain lodia prestatzen direnean.

Aurreko egunean beratzen utzi ostean, Gernikako indabak su motel bezain etengabean egosten dira. Olioaz eta gatzaz bakarrik prestatzen diren Tolosakoen aldean, Gernikakoei barazkiak eransten zaizkie.

Onurak

Indaba elikagai energetikoa da, proteina zein karbohidrato asko ditu eta ia-ia ez du koiperik. Horrez gain, bitamina eta mineral asko ere baditu (potasioa, magnesioa eta kaltzioa, adibidez) eta frutak baino zuntz gehiago ere bai.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra