Castellano

 

Itziar Landajo Chamorro Galdakao-Usansoloko Ospitaleko (Bizkaia) diabete-erizain hezitzailea da, eta 20 urte daramatza Bizkaiko Diabete Elkartearekin lan egiten, diabetedun gaixoei eta senideei informazioa eta aholkularitza emateko.

Zer da diabetea? Zenbat motatakoa dago?

Diabetea gaixotasun kronikoa da, eta organismoa behar beste intsulina sortzeko edo eraginkortasunez erabiltzeko gai ez denean agertzen da. Intsulina pankrean sortutako hormona da, eta, horri esker, elikagaien glukosa organismoko zeluletara igarotzen da. Bertan, hain zuzen ere, energia bihurtzen da, muskuluak eta ehunak abian jarri daitezen. Bi eratako diabetea dago: 1. motakoa eta 2. motakoa.

  1. motako diabetea jatorri autoimmunekoa izango da gehienetan: sistemak intsulina sortzen duten zelulei egingo die eraso. Ume eta nerabeen artean agertzen da sarritan, eta bere aurrejoera genetikoa oso urria da. Gutxi gorabehera, diabetedun gaixo guztien %10ek izango dute era honetakoa.
  2. motako diabetean, organismoak intsulina sortuko du, baina ez da nahikoa izango, edo organismoak ez du haren ondorioen aurrean erantzungo. Hori dela eta, glukosa metatuko da odolean. 50 urtetik gorako pertsonen artean agertu arren, gero eta sarriagotan diagnostikatzen da ume eta nerabeen artean. Mota honetan, aurrejoera genetikoak zeresan handia izango du.

Badago diabetearen agerpenaren sintomarik?

  1. motako diabetean, 2. motakoan baino argiagoak izango dira sintomak. 1. motakoan, honako hauexek izango lirateke, besteak beste: ezohiko egarria, aho lehorra, gernu sarria, sekulako nekea, gose etengabea eta pisuaren bat-bateko galera ageriko arrazoirik gabe. 2. motakoan, aurreko edozein izan ahalko da, baina haien diagnostikoa ustekabekoa izango da maiz. Horrelako diabetikoek urteak eman ahal izango dituzte gaixo daudela jakin gabe, eta ondoeza agerikoa denean edo halabeharrez jakingo dute; esate baterako, kontrolerako ohiko azterketa egiten dutenean. Hori dela eta, nahiz eta sintomarik egon ez, familian aurrekaririk badago, medikuarenera joan beharra dago aldian-aldian.

Azken urteotan, nabarmen igo ote da diabetedun gaixoen kopurua?

Aurreikuspenen arabera, 2030ean zenbat gaixo egongo diren kontuan hartuta, badirudi diabetearen pandemia gertatuko dela. Espainiako Diabete Elkarteak (SED) eta Espainiako Diabete Federazioak (FED) egindako di@bet.es azterketa berrian adierazitakoaren arabera, espainiarren %13,8 diabetikoak dira (%6k ez dakite ezer), eta espainiarren %11,6 daude gaixotasuna garatzeko arriskupean. Lehen, 2. motakoa batez ere helduen artean agertzen bazen ere, gero eta arruntagoa da ume zein nerabeen artean.

Edonola ere, Nazioarteko Diabete Elkartearen arabera, kasuen %70 baino gehiago prebenitu edo atzeratu egin litezke bizimodu osasungarria eramanez gero.

Nolako zeresana dauka elikadurak tratamenduan nahiz prebentzioan?

Elikadura tratamenduaren lau zutabeetakoa da. 1. motako diabetikoen artean, lehentasunezkoa izango da zenbat karbohidrato kontsumitzen duten jakitea, odoleko glukosa-mailen errudun zuzenak izango dira-eta.

  1. motakoan, ordea, sarritan diabetea beste patologia batzuekin egongo da lotuta; esate baterako, hiperkolesterolemia, hipertentsioa eta loditasuna. Hori dela eta, oso garrantzitsua izango da kolesterolaren (eguneko 200 mg, gehienez ere) eta koipe aseen kontsumoa kontrolatzea, baita gatzarena (eguneko 3 g, gehienez ere) eta karbohidratoena edo azukreena ere. Pisua galtzeko eta, horren ondorioz, tentsioa jaisteko, kalorien kontsumoa murriztu beharko da. Funtsezkoa izango da pisu osasungarriari eustea.

Zein izango lirateke tratamenduaren oinarrizko beste hiru zutabeak?

Dieta osasungarria ez ezik, ariketa, sendagaiak eta informazioa ere izango dira garrantzitsuak. Ariketa onuragarria izango da pisua galtzeko eta kolesterol ona sustatzeko orduan. Horrela, intsulina areagotu eta bihotz-hodietako sistema nahiz masa muskularra indartuko dira. Hau da, ariketak onura bereziak izango ditu diabetedun gaixoen artean.

Oso garrantzizkoa ote da beti-beti elikagaien etiketak irakurtzea?

Diabetikoek etiketak irakurri beharko dituzte, elikagaien osaketa zehatza zein den jakiteko. 2. motako diabetikoek elikagai bakoitzak zenbat koipe daukan eta koipe aseei guztizkoaren zer zati dagokien ikusi beharko dute (%10, gehienez ere). Horrez gain, zenbat gatz eta karbohidrato dituzten ere jakin beharko dute. 1. motako diabetikoek, ostera, arrazioko zenbat koipe eta karbohidrato dituzten jakin beharko dute, batez ere.

Ikasi egin beharra dago?

  1. motakoan, askoz errazagoa izango da ikastea, haurtzaroan edo nerabezaroan egingo delako diagnostikoa. 2. motakoa, ordea, pertsona nagusien artean ematen denez, zailagoa izango da. Zer elikagai jan ditzaketen eta zein ez errazago gogoratzeko, zenbait trikimailu egongo dira, eta umeek sarritan erabiliko dituzte. Esate baterako, karbohidratoak lurreko produktuetan eta haien eratorrietan daudela esango zaie eta kolesterola animalia-jatorriko koipeetan dagoela… Hartara, euren jakintza sendotu ahal izango dute. Era berean, karta-jokoak, plastikozko elikagaiak eta erretiluen prestaketa ere izango dira maiz erabilitako beste baliabide batzuk.

Zer neurri ezarri beharko dituzte diabetikoek elikagaiak prestatzeko orduan?

  1. motako diabetikoak argalak izan ohi dira, eta ez dituzte 2. motakoek beste arazo edukiko, azken horiek kontuz ibili behar direlako. Beraz, ez dute olio askorik erabili beharko (30 g, hots, hiru zopa-koilarakada egunean), oso kalorikoa delako eta pisua galtzea eragozten duelako. Horrez gain, modu osasungarriagoan ere prestatu beharko dituzte elikagaiak, olio gutxiago erabiltzeko: labean, plantxan…

Zenbat aldiz jan beharko dute egunean?

Gaur egungo tratamenduei esker, 1. motakoek egunean hiru aldiz jan ahal izango dute inolako arazorik gabe. Tratamendu bakoitzaren ñabardurak ñabardura, 2. motakoek bospasei alditan banatu beharko dute janaria, hurrengo otordura goseak hiltzen ez iristeko. Azken batean, gutxiago jan beharko dute, loditzeko joerari aurre egin ahal izateko.

Uste baino errazago kontrolatzen den gaixotasun arruntagoa ote da diabetea?

Uste baino arruntagoa da, baina ez da erraz kontrolatzen. Zenbait autoreren esanetan, profesionalek eta gaixoek zailen kontrolatzen dituzten gaixotasun kronikoetakoa da. Kontrolean eragina duten hainbat faktore daude.

Gero eta pertsona gehiagoren artean dauka eragina, eta esan gabe doa elikadura osasungarria oso lagungarria dela gaixotasuna kontrolatzeko orduan. Diabetea ondo kontrolatuz gero, ez da arazo handirik sortuko. Horretarako, dieta mediterraneoa da onena, eta, gutxienez hiru ale fruta jan beharko dituzte egunean. Barazkiak, ordea, egunean birritan; eta, haietako batean, gordinik (entsaladan, adibidez), egostean bitaminak eta mineralak galduko dituztelako. Era berean, honako hauxe ere jan beharko dute egunero: esnekiak, ogia, zerealak, haragia, arraina, oliba-olioa eta lekaleak (astean hirutan, gutxienez). Halaber, oso gogoan eduki beharko da egunean 4-5 edalontzi ur edatea ere izango dela gomendagarria. Azkenik, lantzean behin baino ez lituzkete koipeak, hestebeteak eta opilak jan beharko.

 

Asociación Vizcaína de Diabetes
C/Iparraguirre, 46, 1º, 1ª. 48009 Bilbao.
Teléfono: 94 444 66 06
Lunes-Jueves: 15:30-19:30; Viernes: 10:00-13:00.
Email: info@asvidia.org

 

 

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra