Ainhoa Echavarria ACABE – Bizkaiko Anorexiaren eta Bulimiaren Aurkako Elkarteko taldeko kidea da. Elkartea 1994an sortu zen, eta elikadurako nahasmenduak dituztenei nahiz euren familiei laguntzen die. Horretarako, informazioa, aholkularitza eta babesa ematen dizkie banakako atentzioaren bidez.
Zer da anorexia?
Elikadurako nahasmendua da, eta bere irizpide diagnostikoak zehatz-zehatzak dira: jateko gogorik ez edukitzea; elikagaiei muzin egitea; pisua nahita, jakinaren gainean eta iraunkortasunez galtzea…
Zer da bulimia?
Elikadurako beste nahasmendu bat da, eta bere ezaugarri bereizgarria etengabeko betekadak dira. Gero, tripakada horiek konpentsatzeko, jokabide desegokiak garatzen dira behin eta berriro; esate baterako, diuretikoak erabiltzea, nahita oka egitea, ariketa fisiko larregi egitea…
Sarritan nahasten direnez, nolako antzekotasunak eta aldeak dituzte?
Biak elikadurako nahasmenduak dira, ezohiko jokabideak, ohiz kanpokoak, osasunaren kalterakoak, eta kontrolatu edo kudeatu ezin diren aldaketen eta estuasunaren ondorioz sortzen dira. Hori dela eta, elikadurako nahasmendua agertzen da. Edonola ere, batzuetan, ez dira irizpideak zorrotz-zorrotz betetzen, eta elikadurako nahasmendu zehaztugabeei buruz hitz egin beharra dago. Aldeei dagokienez, anorexia murrizketarekin dago lotuta; eta bulimia, oldarkortasunarekin. Dena dela, nahiago dut etiketarik ez jarri, jendea sailkatzen saiatu beharrean hobe delako elikadurako nahasmendu orokorrei buruz hitz egitea. Ez dira egoera egonkorrak, badagoelako epealdi murriztaileagotik oldarkorragora igarotzea.
Nolako zantzuei edo jokabideei erreparatu behar diete gurasoek, nahasmendu horiek agertu direla jakiteko?
Pertsona bakoitzaren arabera, kasu batzuetan ez delako beste batzuetan bezain agerikoa izango eta, horren ondorioz, nekezagoa izango delako zer gertatzen den jakitea. Edonork eduki dezakeen arren, ohi-ohikoa da oso arduratsuak, zorrotzak eta perfekzionistak direnen artean agertzea. Euren jokabidea eta izaera aldatu egiten dira: isolamendua, tristezia, gizarte-bizimodu urriagoa… Hala ere, beti-beti hobe izango da prebentzioa larregizkoa izatea, informazioa arakatzea eta halakorik gertatzen ez dela egiaztatzea adinarekin lotutako zerbait dela eta gaindituko dutela pentsatzea baino.
Zein dira arrazoiak?
Faktore azkar bezain behinenak bateratzen direnean, elikadurako nahasmendua sortuko da. Izan ere, norbaitek bat-batean egun konpultsiboa badu, ezin izango da esan nahasmenduren bat daukanik.
Honako faktore hauek hartu beharko dira kontuan: berezko joerarekin lotutako faktoreak (genetikoak, sozialak, familia-ingurunea, nortasuna…), egoera azkartzeko moduko faktoreak (pubertaroa -aldaketa handiei aurre egiteko ahulezia-, estereotipo kulturalekiko menderakuntza, egoera itogarriak -azterketak, dibortzioak edo banaketak, abusuak…) eta egoerari eusteko moduko faktoreak (nutrizio txarra, isolamendu soziala, aldartearen arazoak, gorputz-irudiaren inguruko itxuragabekeriak…).
Eragin handia ote dute komunikabideek eta inposatutako kanon estetikoak?
Faktore sortzailea barik egoerari eusteko moduko faktorea denez, gaixotasunak luzaroago iraungo du. Gizarte honetan inposatutako irudi hobezinak eragin kaltegarria dauka gizabanakoen artean, eta buru-estimuaren gabezia larriagotu egiten da. Ontzat emandako eredu estetikoekin erkatzean, irudia desitxuratu egingo da, besteak beste.
Nahasmenduak gaztaroan baino ez dira agertzen?
Ez da bakarrik gazteen artean ematen, baina, inolako zalantzarik gabe, nahasmendu horiek agertzeko adin ahulena da. Dena dela, egia ere bada gero eta heldu gehiago datozela. Edonor da ahula, edonork txarto kudeatu ditzake egoera arazotsuak nahiz estualdiak.
Gizonen artean ere badu eraginik?
Ehunekoa urriagoa eta ezezagunagoa bada ere, mutilen kasuak ere badaude. Sarritan, nolabaiteko profesionaltasuna duten kirolariek oso pisu-kontrol zorrotzak gainditu behar dituztenez, erraz-erraza da nahasmenduren bat sortzea, beste faktore batzuk ere kontuan hartuta.
Diagnostikatu ondoren, zein da tratamendua?
Hobe da diziplina anitzeko tratamendua egitea: aldi berean, psikologoarenera eta psikiatrarenera joatea eta, beharrezkoa izanez gero, pisua kontrolatzeko mediku nutrizionistarenera ere joatea. Terapia psikologikoa ez ezik, psikiatraren laguntza ere bada beharrezkoa, batzuetan sendagairen bat ere hartu beharko delako osagarri moduan (antsietatea, autokontrolik eza).
Familiako medikuak elikadurako nahasmendua diagnostikatzen duenean, gaixoa osasun mentaleko zentrora eratorriko du, behar den moduko balioespena egin diezaioten. Zentroan tratatu dezaketen edo zentro bereziagora joan beharko den erabaki beharko da; ospitalera, esaterako, bertan unitate bereziak daude-eta.
Nahasmendua aitortzea ote da lehenengo urratsa eta zailena?
Lehenengo urratsa eta, seguruenik, zailena, nahasmendurik egon badagoela aitortzea izango da, eta, oro har, hasierako uko-epealdia gainditutakoan gertatuko da. Izan ere, gaixoak ez du epealdi horretan inolako laguntzarik onartuko. Dena dela, ez da oztopo bakarra izango, terapiak aurrera egin ahala, nolabaiteko ziurgabetasuna sortuko delako aspalditik nahasmendua duten gaixoen artean. Euren etorkizunaren beldur izango dira, alegia.
Jokabide depresiboak badu zerikusirik elikadurako nahasmenduekin?
Depresioa, onarpen-arazoak eta buru-estimu urria dituen jende askok elikadurako nahasmenduak izango ditu azkenean. Halakoetan, sendagaiak oso garrantzitsuak izango dira, aldartea indartzeko eta tratamendu terapeutikoa errazteko.
Nola lagundu ahal izango die familia-inguruneak nahasmenduak gainditzen?
Batez ere, pazientzia handia eduki behar da, ezin da janariaz hitz egin, ezin dira honelako esaldiak bota: “…tira, jan apur bat!…”. Horrez gain, askotan, nerabezaroan agertzen denez, belaunaldien arteko talka handi-handia izango da. Oso-oso zaila da gaixoarekin enpatizatzea, ia-ia beti bere arazoan murgilduta dagoelako eta gurasoen kezka ulertzen ez duelako.
Oso garrantzitsua da familia guztia tratamenduan inplikatzea?
Funtsezkoa izango da familia-ingurune guztiak laguntzea, konpromisoa hartzea eta elkarrekin norabide bererantz arraun egitea. Horretarako, terapietara joan beharko dira, esaterako. Ez da oso lagungarria izango “polizia onarena” eta “polizia txarrarena” egitea.
Zein da anorexiaren eta bulimiaren aurkako elkarteen zeregina; ACABErena, esate baterako?
Administrazioa iristen ez den lekura heldu nahi dugu, osagarriak izateko. Gaixoei eta familiei laguntzen diegu, tratamendu psikologikoa eta terapia familiarra eskaintzen ditugu, baliabide bateratuei buruzko informazioa ematen dugu…
Gaixo eta familientzako terapiak eskaintzen ditugu, barrua husteko gune moduan. Bertan, hain zuzen ere, beste batzuen laguntza aurkitu eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte psikologoaren ikuskaritzapean.
Mediku espezialistekin koordinatuta lan egiten duzue?
Tratu zuzena daukagu arlo honetako profesional espezializatuekin, eta urteko bilerak egiten ditugu, premiei buruz hitz egiteko eta Osasun Publikoari jakinarazten dizkiogun hobekuntzak nahiz zerbitzuak proposatzeko.
Zer egin dezakete ikastetxeek?
Ikasle eta gurasoen elkarteentzako hitzaldiak eskaintzen ditugu prebentzioari eta hezkuntzari begira. Hartara, elikadurako nahasmenduen sintomak antzemateko gai izango dira.
Badago erabat sendatzerik?
Jende askori alta eman diote, eta oso bizimodu arrunta darama. Edonola ere, badago bizi-kalitatea hobetzerik. Lan ona eginez gero, badago tratamendu terapeutiko egokiaz gainditzerik.
Gaur egungo gizartea behar beste kontzientziatuta dago arazo honen larritasunaren inguruan?
Gaur egun, behar beste informazio dago. Dena dela, aitortutakoa baino nahasmendu gehiago dagoela uste dut, batzuek asimilatu egin dutelako, gaixotasunarekin bizi direlako. Era berean, gai hau hutsaltzeko nolabaiteko joera ere badago. Izan ere, lerrokatu egiten dute, nahasmendu horiek modeloekin eta argalago egon nahi duten neskekin lotzen dituzte, alegia.
Gaixoen kopuruak gora egin duela antzeman duzue azken aspaldion?
Iaztik, ohikoa baino jende gazteagoaren artean ugaritu dela antzeman dugu. Lehen, batezbestekoa 18 urte bazen, iaztik 13-14 urtera jaitsi da, eta 11 urteko neskatilaren batek ere badu. Nerabezaroa lehenago iristen delako, dena goiztiarragoa delako gertatzen dela pentsatu nahi dut. Batezbesteko horrek behera egin duenez, ikastetxeek zeresan handia izango dute arlo horretan. Ikastetxeetako tutoreek eta orientatzaileek arazoa antzeman eta jakinaren gainean jarri beharko dute.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 234 times, 1 visits today)