CASTELLANO

 

1979. urteaz geroztik, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Elikaduraren Munduko Eguna sustatzen du urriaren 16an. Horren bidez, biztanleak sentsibilizatu nahi ditu elikagairik ez edukitzeagatik milioika lagunek bizi duten egoeraren inguruan, eta, aldi berean, guztion kontzientzia ere suspertu nahi du, gosearen, malnutrizioaren eta txirotasunaren aurka borrokatu gaitezen. Hartara, Fernando Soto Baquerok, FAOk Mexikon duen ordezkariak, orain dela gutxi adierazi du malnutrizioa erronka handia dela gaur egungo munduan. Hori dela eta, honako hauxe baieztatu du: “umeen elikaduran eta nutrizioan inbertitzea gizarteak egin dezakeen inbertsio onena da”.

Aurten, honako lelo hau aukeratu dute ekitaldirako: “Babes soziala eta nekazaritza, landa-inguruneko txirotasunaren zikloa hausteko”. Elikadura Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aitortutako eskubidea da, eta kulturen ezaugarri bereizgarri hori pertsonen arteko lotunea ere bada.

“Umeen elikaduran eta nutrizioan inbertitzea gizarteak egin dezakeen inbertsio onena da.”

Inolako zalantzarik gabe, aldaketa klimatikoarekin lotutako arazo handienetakoa elikaduraren segurtasuna da. Etengabe gehitzen ari diren biztanleen eskariari aurre egiteko, nekazaritzako eta elikagaigintzako sistemak klima aldaketaren ondorioetara eta elikadurarako eskubidearen lorpenean duten eragin zuzenera egokitu beharko dira.

Jasangarritasuna erantzuna da. Janaria modu jasangarrian landatu nahi izanez gero, lur-azalera berean gehiago ekoizteko jarduketak ezarri behar dira. Baliabide naturalak arduraz erabili behar ditugu, eta, azken produktuaren fasearen edo salmenta txikizkariaren aurretik galtzen diren elikagaien kopurua murrizteko, eraginkortasun handiagoz bildu, biltegiratu eta garraiatu behar dira, azpiegitura egokiagoak eduki behar dira eta legezko arautegiak hobetu behar dira.

FAOk herrialde guztiei dei egiten die, ekintza klimatikorako planetan elikadura eta nekazaritza kontuan hartu ditzaten eta, horrela, landa-ingurunearen garapenean gehiago inbertitu dadin.

 

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago. © Zainduzaitez, Bilbao 2016. Lege-Oharra