Elikadura funtsezkoa da txantxarraren agerpenean eta, oro har, aho-hortzen osasunean. Gurasoek nutrizioaren arloko hezkuntza eta behar den moduko ohitura dietetikoak eskaini behar dizkiete seme-alabei, eta, bertan, hortzen higiene egokia hartu behar da kontuan.
Txantxarra hortzaren kanpoko geruzaren, hau da, esmaltearen higadura da, eta azukreak zein karbohidratoak metatzean agertutako hortz-plakaren ondorioz sortzen da. Bakterioek plaka hori suntsitzen dute, eta hortzen esmaltea higatzen duen azido bihurtzen dute. Umeen hortzen egitura porotsuagoa eta kalteberagoa denez, txantxarra edukitzeko joera handiagoa dute.
Prebentzioa
Prebentzioa oinarrizkoa da txantxarrik ez edukitzeko orduan, eta, horretarako, funts-funtsezkoa da elikadura. Hona hemen eragin nagusiak: nolako elikagaiak, nolako maiztasunaz eta noiz jaten ditugun.
Zuntz ugaridun elikagai gordinak oso onuragarriak dira. Izan ere, indarrez murtxikatu behar direnez, oiak indartzen dira, txistu gehiago sortzen da, azidoak neutralizatzen dira eta hortzak euren kabuz garbitzen dira. Horrez gain, oso gogoan ere eduki behar da hortz-hezurren sistema garatzeko funtsezko elikagarriak ere sartu behar direla dietan; esate baterako, fosforoa, magnesioa, kaltzioa eta C zein D bitaminak.
Kakahueteak eta gazta ere oso elikagai egokiak dira, txistuaren azidotasun-maila murrizteko orduan.
Fluorra funtsezko elikagarria da, esmalteak azidoen kontra daukan erresistentzia eta kalitatea hobetzeko orduan. Hain zuzen ere, MOEk (Munduko Osasun Erakundea) fluoruroa gomendatzen du, txantxarraren agerpena %50eraino murrizten du-eta. Fluorra kopuru txikietan iristen da gorputzera elikagaien bidez, eta hortzetako pastaren, gelen, kolutorioen… bitartez gehitu daiteke.
Azukre eta koipe ugari dituzten elikagaiak kaltegarriak dira. Gozokiak eta litxarreriak lantzean behin baino ez dira jan behar; eta, batez ere, otorduetan, ez otordu-tarteetan. Txikleak eta karamelu bigunak kaltegarrienak dira, hortzen gainazalean dirautelako luzaroan.
Ontziratutakoei barik zuku naturalei eta urari eman behar diegu lehentasuna. Gainera, ahal dela, ez dugu edari gasdunik edango, esmalteari kalte egiten diotelako.
Era berean, honako hauxe ere egin beharko dugu gure hortzak behar bezain garbi egon daitezen:
– Otordu bakoitza egin eta azukredun edozein elikagai jan ostean, hortzak eskuilatzea, hortzetan ahalik eta epealdi laburrenean egon dadin.
– Urtero, odontologoarenera joatea, hortzak osasuntsu egon daitezen.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 338 times, 1 visits today)