Udan, bero handia dago giroan, tratamendu termikorik gabeko elikagai gehiago jaten ditugu (gordinik) eta platerak garraiatzean ez diogu tenperaturari eusten (janaria hondartzara daramagunean, esaterako). Hori dela eta, errazagoa da gastroenteritis gogaikarriak agertzea.
Arrazoiak
Elikagaiek (gordinik, batez ere) mikroorganismoak dituzte (gehienetan bakterioak badira ere, honako hauxe ere eduki dezakete: birusak, lizunak, legamiak edo bizkarroiak; arrainaren anisakis ezaguna, adibidez).
Elikagaien mikroorganismo batzuk patogenoak izan daitezke, hau da, jaleei gaixotasunak kutsatu ahal dizkiete.
Sarritan, gastroenteritisaren antzeko sintomak agertzen dira: digestio-ondoeza, goragaleak, gonbitoak, beherakoak, sukarra… Batzuetan, gainera, okertu ere egin daitezke.
Bakterioak izaki bizidunak dira, eta baldintza egokietan hazten dira, hau da, ura, elikagarriak (izan ere, elikagaiak ingurune ezin egokiagoa dira eurentzat, bertan “nahierara” bizi eta garatu egin daitezkeelako) eta giro-tenperatura egokia aurkitzen dituztenean.
Oro har, bakterioak 8ºC eta 60ºC arteko tenperaturan ugaltzeko gai badira ere, giza gorputzaren antzeko tenperaturak dituzte gustukoen (30ºC-40ºC). Bertan, hain zuzen ere, azkar baino azkarrago garatzen dira.
Hozketako (8ºC azpitik) edo izozketako (-18ºC azpitik) tenperaturek, ordea, mikrobioen hazkuntza murriztu edo geldiarazi egingo dute, hurrenez hurren. Dena dela, tenperatura horietan mikrobioak desagerrarazten ez badira ere, hazkuntza moteldu egiten denez, luzaroago kontserbatu daitezke elikagaiak.
Tratamendu termikoak (prestatutakoa) mikroorganismoak desagerraraziko ditu, betiere osoa eta behar bestekoa bada (70ºC ingurukoa produktuaren erdigunean).
Zaila da elikaduragatiko toxiinfekzioa nolako mikroorganismoek sorrarazten duten jakitea, baina oso-oso erraza da prebenitzea, egunero jaten ditugun elikagaien garbiketan, kontserbazioan eta higienean behar besteko neurriak ezartzen baditugu.
 
Laura González
Gastronomía Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria cuidateycomesano dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra

(Visited 104 times, 1 visits today)