CASTELLANO

 

Hilaren 20an udaberria iristean, egunak luzeagoak eta tenperaturak beroagoak izango direnez, uste baino eragin handiagoa izango dute gure organismoan: alergiak, asteniak, hotzeriak, neke-sentsazioa…

Alde energetikotik oso gogorrak diren neguko dietak utzi behar dira atzean (haragiak, koipeak, frijituak, produktu finduak eta prozesatuak), tenperatura hotzetarako egokiagoak direlako, eta klima-baldintza berrietara egokitu behar gara. Horretarako, bitamina, zuntz eta mineral gehiago behar ditugu. Beraz, errezetak arinagoak izango dira, koipe gutxiago edukiko dute eta organismoa arazten lagunduko diguten hainbat barazki eta fruta jango ditugu.

Fruta-dendak sasoiko produktuen kolore eta usain berriez beteta daude. Negutegiko laborantzei esker, lehen sasoian bakarrik erosten genuena orain urte osoan badaukagu ere, fruten zein barazkien zaporea biziagoa da haien urtaroan jaten ditugunean.

“Alde energetikotik oso gogorrak diren neguko dietak utzi behar dira atzean, eta klima-baldintza berrietara egokitu behar gara. Horretarako, bitamina, zuntz eta mineral gehiago behar ditugu.”

Udaberrian, negua gainditzeko bizitasun handia eskaintzen diguten elikagai fresko ugari daude. Koipe eta frijitu gutxiago eta janari arin gehiago jango dugu, eta prestatu gabeko produktu freskoei emango diegu lehentasuna, beroaren ondorioz bitaminarik eta mineralik ez galtzeko.

Horrez gain, frutek eta barazkiek ur asko dutenez (zukuak, saldoak, infusioak…), oso ur-osagarri egokia dira tenperatura beroagoko urtaro honetarako. Eguraldi ona egiten duenean, ariketa gehiago egiten dugunez, ondo jan eta erreserbak eduki behar ditugu. Barazkien eta fruten uraren bidez, izerdi gehiago botatzean galdutako likidoak eta mineralak konpentsatuko ditugu.

Frutak (esate baterako, gereziak, aranak, marrubiak, abrikotak, mertxikak eta madariak) eta barazkiak (adibidez, zerbak, orburuak, apioa, gari-zainzuriak, endibiak, ziazerbak, ilarrak, babak, porruak eta piper berdeak) oinarrizkoak izango dira udaberriko menuetan, dieta osasungarri bezain orekatuaren funtsezko osagaiak dira-eta.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2017. Lege-Oharra