[button url=’http://zainduzaitez.com/el-maiz-un-cereal-muy-nutritivo/’ icon=’entypo-doc-text-inv’]CASTELLANO[/button]
 
Artoa elikagarri asko dituen zereala da, eta orain dela mende askotatik dago gure elikaduran. Gaztelaniako “maíz” hitza Haitiko aborigenek erabilitako “mahíz” terminotik dator, eta “bizitzaren euskarria” esan nahi zuen, gutxi gorabehera. Oinarrizko elikagaia zen Kolon aurreko Amerikan, orain dela 7.000 urte, maien zein azteken zibilizazioan. Aurkitzaileek Europara ekarri zuten, eta, XVI. mendean, Espainian hasi zen ereiten. Galizian eta Kantauriko erlaitzean, oso ondo egokitu zen klimatologia ozeanikora. Edonola ere, XIX. mende bete-betera arte, ez zen garrantzitsua izan giza elikadurari begira.

«Nutrizioaren aldetik, artoa oso-osoa da, eta bitaminak zein mineralak ditu; esate baterako, burdina, magnesioa, zinka eta fosforoa.»

Arto-landareak oso zurtoin garai bereizgarria dauka, bizpahiru metrokoa ere izan daiteke-eta. Gainera, hosto luzangak ditu, eta bere fruituak garau edo hazi gogorrak dira. Hazi horiek oratzean lortzen den oretik irina erdiesten da, eta zenbait eratara prestatu daiteke. Apiril-maiatzean erein eta irail-urrian biltzen da.
Koloreen arabera hainbat barietate dauden arren, Espainian honako hauexek dira ezagunenak: azukre asko daukan gozoa (gordinik, fresko edo ontziratuta kontsumitzen da), lehortzeko erabilitako arto kristalinoa (irinean eta semoletan erabilitakoa) eta laranja-kolorekoa zein ale txiki bezain gogorrekoa den krispeta-artoa (krispetak egitekoa). Gaur egun, munduan gehien landatzen den hirugarren zereala da.
Merkataritza-guneetan, latan edo izoztuta, artaburu moduan (labean egiteko), irinean edo semolan dago salgai. Prestatzeko orduan, lurrunetan egitea gomendatzen da, eta, artaburuaz gozatzeko, samur badago, oso aukera ona da gurinez, olioz edo gatzez erretzea.
Nutrizioaren aldetik, artoa oso-osoa da, eta bitaminak zein mineralak ditu; esate baterako, burdina, magnesioa, zinka eta fosforoa. Antioxidatzaileen iturria da, zelulen zahartzapenari aurre egiten dio eta asegarria ere bada, zuntza duelako osagai. Karbohidrato ugari dituenez eta oso energetikoa denez, oso egokia da kirolarientzat.
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2019. Lege-Oharra
 
 

(Visited 997 times, 1 visits today)