Arrautzaren koloreak badu eraginik bere nutrizio-balioan: arrautza beltzak zuriak baino elikagarriagoak dira
Hasiera batean, ez dago inolako lotunerik arrautza-oskolaren kolorearen eta eskaintzen dituen elikagarrien artean. Beraz, arrautza beltzak bezain elikagarriak dira zuriak. Zuringoak kalitate handiko proteina den albumina eskainiko digu, batez ere. Gorringoak, ostera, lipidoak edo koipeak izango ditu osagai nagusi. Arrautzak kolesterol ugari badu ere, bere koipe gehienak asegabeak izango dira, eta hainbat elikagarri eskainiko dizkigu: A bitamina (gorringoari laranja-kolorea ematen dion karotenoa), letizina, funtsezko gantz-azidoak… Hori dela eta, elikagai osasungarria izango da dieta orekatuaren testuinguruan.

Arrautza fresko dagoen ala ez jakiteko, flotan geratzen den ikusi beharra dago

Arrautza fresko dagoen ala ez egiaztatzeko, urez eta gatzez betetako edalontzian sartu besterik ez dugu. Arrautzek aire-ganberatxoa dute, eta apurka-apurka handiagotuko da. Beraz, arrautza flotan geratzen bada, aire gehiago izango du barruan (flotagailua izango balitz bezala), eta, horren ondorioz, zaharragoa izango da. Arrautza freskoaren aire-ganbera txikiagoa izango denez, edalontziaren hondoan geratuko da.Hona hemen arrautzaren freskotasunaren beste adierazgarri batzuk: zuringoa gorringoaren inguruan bilduta geratzea eta gorringoa zanpatuta ez egotea.

Arrautzak hobeto kontserbatuko dira giro-tenperaturan

Gaur egungo indarreko legeriaren arabera kontsumo ez-industrialeko arrautzak hozkailuan egon behar ez badira ere (dendetan horrexegatik daude giro-tenperaturan), hobe da hozkailuan gordetzea. Izan ere, askoz hobeto kontserbatuko dira, tenperatura 0ºC eta 4ºC artekoa denean.Arrautzak garbituz gero, kanpoan duten babes-kutikula kenduko diegunez, hobe da garbituta ez gordetzea.

(Visited 177 times, 1 visits today)