Orain dela 65 urtetik gertatzen den bezala, apirilaren 7a Osasunaren Eguna izango da, eta, 2015ean, elikagaien kaltegabetasuna izango du helburu, jatorritik platerera elikadura-kate osoan elikaduraren segurtasuna hobetuko duten neurriak sustatzeko.
OMEko datuen arabera (Osasunaren Mundu Erakundea), urtean hildako bi milioi inguru lagunen heriotzak (gehienetan, umeak dira) elikagai osasungaitzekin dauka zerikusia. Izan ere, bakterioak, birusak, parasitoak edo substantzia kimiko kaltegarriak dituzten elikagaiek 200 gaixotasun baino gehiago sorrarazi ditzakete: beherakoa eta minbizia, besteak beste.
Batez ere, garapen-bidean dauden herrialdeak ditugu hizpide, “lehen munduan» horrelako gaixotasunen eragina murriztu ahal izan dutelako honako hauexen bidez: elikagaien kontrolerako sistemen diseinuan eta ezarpenean lortutako aurrerakuntzak, langile manipulatzaileen prestakuntza eta osasun-agintariek ekoizpen-sektorean ezarritako kontrola.
Elikagaien kaltegabetasunaren aurkako mehatxu berriak sortzen ari dira etengabe. Hona hemen sistema nazionalek elikagaien kaltegabetasunaren arloan dituzten erronkak: elikagaien ekoizpen, banaketa eta kontsumoko aldaketak; inguruneko aldaketak; patogeno berriak eta garapen-bidean daudenak; erresistentziarako moduak… Bidaien kopuruak eta merkataritzak gora egin dutenez, kutsadura beste herrialde batzuetara hedatzeko aukera areagotzen da.
OMEk herrialdeekin lan egiten du, elikagaiek kutsatutako gaixotasun-agerraldiak prebenitzeko, antzemateko eta gainditzeko. Gainera, FAOrekin batera (Nazio Batuetako Elikadurarako Erakundea), elikagaien kaltegabetasunarekin lotutako larrialdien berri ematen die herrialdeei, nazioarteko informazio-sarearen bitartez.
Elikagaien kaltegabetasuna sustatu nahi duen Osasunaren Munduko Eguna dela eta, OMEk agiria argitaratu du “Elikagaien kaltegabetasunerako bost giltzarri” lelopean. Bertan, bost mezu bakunen bidez, baliabide gutxien dituzten herrialdeetako kontsumitzaile eta saltzaileei eskaintzen dizkie zenbait orientazio erabilgarri eta erraz, elikagaiak manipulatzeko, prestatzeko eta zerbitzatzeko orduan:

  1. giltzarria: garbitasunari eustea: batez ere, honako ekintza hauekin dauka zerikusia: eskuak sarritan garbitzea; tresnak eta guneak garbi eta desinfektatuta egotea; eta elikagaiak prestatzeko guneetan intsekturik, animaliarik, maskotarik… ez egotea.
  2. giltzarria: elikagai gordinak eta prestatuak banatzea: hau da, produktu gordinak eta prestatuak batera daudenean, elikagaiak, tresnak eta prozesuak banatu behar dira, kutsadura gurutzaturik gertatu ez dadin.
  3. giltzarria: elikagaiak ondo prestatzea: batez ere, animalia-jatorriko lehengaiak, gutxienez 70ºC-ko tenperatura lortu behar delako produktuaren erdigunean. Modu berean, OMEk gomendatutakoaren arabera, prestatutako janaria jan baino lehen berotu behar da berriro, hozkailuan egon denean.
  4. giltzarria: elikagaiak tenperatura seguruetan artatzea: hona hemen atal honetan eskaintzen diren zenbait aholku: elikagaiak giro-tenperaturan ez edukitzea eta ez desizoztea.
  5. giltzarria: ura eta lehengai kaltegabeak erabiltzea: edateko ura, lehengai seguruak eta elikagai prozesatuak erabiltzea eta lehentasunezko kontsumorako datak errespetatzea da OMEk elikagaien kaltegabetasunerako azken giltzarri honetan eskainitako argibidea.

OMEk laburbildutako giltzarri horiek garapen-bidean dauden herrialdeentzat dira, batez ere, gure inguruneko herrialdeetan eredu horiek ondo baino hobeto zabalduta eta garatuta daudelako elikagaigintzako enpresetan autokontrolerako ezarritako sistemen bidez.
Edonola ere, badugu elikagaien kaltegabetasuna sustatzerik. Horretarako, batetik, arau erraz horiek bete behar dira etxean, hau da, banan-banan. Elikagaigintzako industriei dagokienez, elikagaiengatiko toxiinfekzioen prebentzioa ez ezik, beste era bateko alertak ere izan behar dira kontrolen helburua; esate baterako, elikagaien arloko iruzurrei buruzkoak edo elikagaiengatiko alergiekin edo intolerantziekin lotutako gorabeherei buruzkoak. Bertan, hain zuzen ere, biztanle guztientzat ez ezik gizabanako alergikoentzat ere kaltegabeak diren elikagaiak lortzea izango da xedea.
 
 
Laura González
Gastronomia Baskako dietista
 
Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014-2015. Lege-Oharra
 
 
 

(Visited 45 times, 1 visits today)