Abenduan, Europar Batasunak 2011n janarietako etiketak arautzeko onartutako araudia indarrean sartu zenez, kontsumitzaileei informazio gehiago ematen zaie, eta horren ondorioz, babestuago daude. Etiketa berrietan, produktuen osaketa eta osagaiak agertzen dira, baita janarien jatorria, elikagarriak eta alergenoak ere.

Etiketetan, janariak 14 alergeno nagusietako bat edo alergenoez egindako edozein osagai daukan adierazi beharko da derrigorrean. Era berean, jatetxeek, jantokiek eta janaria hornitzeko enpresek ere bezeroei jakinarazi beharko diete zer alergeno agertzen diren euren menuetan.

Produktuetako etiketetan, alergenoak modu tipografikoan bereizi beharko direnez, letra lodiz edo beste kolore batez azaldu beharko dira. Osagaien zerrendarik agertzen ez bada, zer substantzia edo produktu “daukan” aipatu beharko da.

Europar Batasunak egindako sailkapenaren arabera, 14 elikagai-mota dira janariengatiko hipersentsibilitatearen arrazoi arruntenak sorrarazten dituztenak, eta derrigorrean azaldu beharko dira etiketetan.

Europako janari alergenikoenak behi-esnea, arrautza eta arraina dira umeen artean; eta mertxika, sagarra, meloia eta kiwia, helduen artean. Kalkuluen arabera, biztanle helduen %2k eta umeen %7k janariengatiko alergiak dituzte, eta, inolako zalantzarik gabe, ekoizleen zein kontsumitzaileen arteko komunikazio-bide nagusia dira etiketak.

Janarietako alergenoek ondorio kaltegarriak sorrarazi ditzakete jatean, ukitzean edo arnastean. Hori dela eta, informazio egokia eduki beharra dago. Hain zuzen ere, sistema immunologikoa ondo ez dabilenean eta kaltegarria ez den substantzia mehatxutzat hartu ondoren defentsen bidez eraso egiten dionean sortzen dira alergiak.

Janariengatiko alergiek gero eta eragin handiagoa dute biztanleen artean, eta gero eta kasu gehiago diagnostikatzen dira, baina, umeen artean, batez ere. Azken datuen arabera, azken hamar urteotan kaltetuen kopurua bikoiztu egin denez, oso kezkagarria da kontsumitzaileentzat nahiz alergologoentzat, gero eta elikagai gehiago daudelako inplikatuta.

 

Eduki hau beste web gune batzuetan erabiltzeko, url honen bidez estekatu eta iturria zainduzaitez dela aipatu beharra dago.
© Zainduzaitez, Bilbao 2014. Lege-Oharra