Oso-oso kontuan hartu behar dugu elikaduran eta beste arlo batzuetan zehaztutako helburuak zentzuzkoak eta lortzeko modukoak izan behar direla. Izan ere, nahikoa da gure ohituretan aldaketa txikiak egitea, osasunean inbertitzeko besteko tresnak erdietsi ahal izateko.

Iraupen-lasterketetan bezala, helburua ez da pisua azkar eta txarto galtzea, epe luzean eusteko moduko ohitura osasungarriak bereganatzea baizik.

Aholku osasungarriak

Egunean bost arrazio fruta eta barazki jatea: frutek eta barazkiek zuntza, ura, bitaminak zein mineralak ematen dizkigute, oso koipe gutxi dute (kokoak eta ahuakateak izan ezik) eta substantzia onuragarri asko ere badituzte; esate baterako, osasunari eusten laguntzen diguten antioxidatzaileak.

Arrazio horiek jateko orduan, gosaritan ale bat fruta jatea da onena (fruta oso-osorik jatea, zukua egin beharrean), baita bazkari zein afaritako bigarren plateretan barazkiak goarnizio moduan jatea eta postrerako fruta freskoa aukeratzea ere.

Bestetik, pureei esker, zenbait barazki nahasi daitezke, eta sukaldaritzan trebeegiak ez direnek ere prestatu ditzakete.

– Beharrezkoak ez diren elikagaiak ez jatea: osasunari begira, beharrezkoak ez diren elikagaiek (elikadura osasungarriaren piramidean daudenak: opilak, pastelak, litxarreriak, freskagarriak, edari alkoholdunak) kaloria, koipe zein gatz asko dituzte eta elikagarri gutxi. Neurriz jan daitezkeen arren, hobe da gure ohiko dietan ez sartzea.

Produktu horiek ez jateko, aurrean ez edukitzea da onena, hau da, erosten ez baditugu, ez ditugu etxean edukiko, ez ditugu jango eta faltan ere ez ditugu edukiko.

Bestetik, horrelako produktu gutxiago jateko, zenbat jaten ditugun jakitea da onena. Horrela, egoera horri aurre egin ahal izango diogu. Esate baterako, eguneko azken orduan sofan eserita telebista ikusten ari garenean jaten baditugu, oso egokia izan liteke hortzak afaldu bezain laster garbitzea tentaldirik ez izateko.

Aurreko puntua kontuan hartuta, beharrezkoak ez diren produktu horien ordez frutak eta barazkiak jaten baditugu, osasunean inbertitzeko ohiturak “gutxitu beharrean” “gehitu” egingo ditugu.

– Astean bitan lekaleak jatea

Karbohidrato konplexu (piramidearen oinarria) eta zuntz ugari dituztenez, proteina asko emango dizkigute. Horrez gain, barazkiez (porrua, azenarioa, kuia, ziazerbak, berakatza, tipula) eta oliba-olioaz prestatuz gero, elikagarri interesgarriak eskainiko dizkigute. Bestetik, zerealekin nahasten baditugu (dilistak edo txitxirioak arrozarekin), goi-kalitateko proteina lortuko dugu (haragiek, arrainek eta arrautzek ematen digutenaren antzekoa). Hori dela eta, entsalada ona eta esnekia jan ahal izango ditugu horren osagarri.

Laura González

Gastronomía Baskako dietista